ZIENTZIA PIZTIA : saio berria ETBn
Haur eta gaztetxoei zientzia hurbiltzeko asmoa du programak, entretenimendua eta dibulgazioa uztartuz. Esperimentu anitz erakutsiko dizkigu Arnaitz Fernandez, EITBren "Eguraldia" saioko aurkezleak, modu biziki erakargarrian.


Maiatzaren 15ean "Zientzia Piztia" saio berria estreinatuko du MAKUSI EITBren haur eta gaztetxoentzako plataformak. Arnaitz Fernandez fisikari eta meteorologoaren eskutik, haur eta gaztetxoak zientzia mundurat hurbiltzea du programak helburu. Hala, esperimentuen bitartez, atal bakoitzean abentura zientifiko txiki batean murgilduko gara eta saioan egindakoa etxeko txikiekin batera praktikan emateko aukera ezin hobea izanen da.
Guztira, sei minutuko hamar atal eskainiko, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrarekin elkarlanean sortutakoak, eta ostiralero bi kapitulu berri agertuko ditu MAKUSI plataformak. Estreinakoan, adibidez, marrazkiak bizidun bihurtzeko esperimentua ekarriko digu Arnaitzek. Errotuladore bat erabiliz, plater batean marraztutako irudiak, ura gehitzean, gainazaletik askatu eta flotatzen hasiko direla erakutsiko digu, dentsitatearen kontzeptu zientifikoa modu erakargarri eta dibertigarri batean azaltzeko. Marrazkiak bizidun bihurtu, ura dantzan jarri, izotza arrantzatu.... Magia al da? EZ! ZIENTZIA DA!
"Zientzia Piztia" saio berriaz gain, maiatza estreinaldiz beterik dator MAKUSIn. Hilabete hasieran estreinatu zen "Henry Danger" fikzioko telesail entzutetsua, euskaraz; eta joan den ostiralean, "Ztanda" saioaren denboraldi berria. Maiatzaren 22tik aurrera, berriz, "Pottokiak 3D" atal berriak izanen ditugu ikusgai; eta, azkenik, 29tik goiti, eta agorrilaren 12an biziko dugun eguzki-eklipsearen inguruko sei ataleko saio berezia, Arnaitz Fernandez eta June Ansoleagaren eskutik. Haur eta gaztetxoek eguzki-eklipsearen nondik norakoak ikasiko dituzte bi aurkezleek gidatuko dituzten atal berezi hauen bidez.
MAKUSI haur eta gaztetxekoentzako plataformak bi urte bete berri ditu eta denbora honetan haur eta gaztetxoentzako euskarazko ikus-entzunezko edukien katalogo zabala osatu du, etxeko txikientzako pentsatutako ingurune digital seguru eta doako batean.