OMENALDIA : Maite Barnetche aintzindariari
Mundua bildu da Bidarrain (Baxe-Nafarroa) igande huntan Maite Barnetche, sortzez Ameztoy, telebistan euskaraz aritu zen lehen berriketaria omentzeko. Aurten, 40 urte betetzen dira zendu zela eritasunak eremanik 45 urte bertzerik ez zituelarik. 1971a eta 1986a artean euskarazko ehunka emankizun egin zituen telebistan.


1970-80ko hamarkadetako ikusleek, kultura eragileek eta gaur egungo euskal kazetari ainitzek atxikimendu eta miresmen berezia sentitzen dute beti Bidarraiko dohai haundiko alaba zena aipatzean. Hori berriz aski argi gelditu da igande huntan ere Chantal Barnetche, Maite zenaren alabak bere familia eta lagunekin prestatu zuen omenaldiaren karietarat.
Bidarraiko elizan ospatu den mezaren ondotik, Erramun Martikorena artzain-kantariaz gain, Gérard Luc eskusoinulariak, Arrantzaleak taldeak, Jean-Louis Hariñordoki "Laka" bertsulariak, Peio Ospital kantariak eta Mixel Ducau musikariak alaitu dute, bertzeak bertze, Maite Barnetchen omenaldia. Irrati eta telebistako berriketari zena ezagutu zutenek beren lekukotasunak eskaini dituzte eta Euskal Kultur Erakundeak bere emankizun batzu erakutsi ditu egunean zehar Bidarrain, aintzindariaren sorterrian.



























