ODOL ILARGIA : euskarazko fikzio berria laster
Elementu fantastikoak dituen thrillerra da, David R. Losada zinemagileak zuzendu eta Bauleuko etxeak ekoiztua. Egunetan ari dira grabatzen Basauri, Galdakao eta Bilbon, eta 2026an estreinatuko da PRIMERAN plataforman.


Duela zenbait egun "Odol Ilargia" bost ataleko fikzio berriaren filmaketa hasi da Bizkaian. Baleuko ekoiztetxeak eta EITBk egina, publiko gazteari zuzendua da eta elementu fantastikoekin osatutako thrillerra da. David R. Losada zinemagilea da zuzendaria, eta gidoia ere harek idatzi du, Mikel Alvarez Sarriegirekin batera. Belen Martinezen Cuando reescribamos la historia eleberrian oinarritua da.
Telesail berriak lagun talde baten bizitzan bi denbora-une zehatz ditu ardatz, hamar urteko aldearekin bataren eta bestearen artean (2015 eta 2025). Suizidio baten eta gertaera horren gibelean urtetan isildutako traumaren inguruan garatuko da istorioa. Julen telesaileko protagonistak argitara atera beharko du guztia. Bidaia horretan, hainbat gaitan ezarriko du arreta ikus-entzunezko lanak, tartean bigarren aukerak, adiskidetasunaren balioa edo identitate sexuala.
Antzezle taldean aurpegi gazte berriak daude: besteak beste, Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Sambou Diaby, Itziar de Castro, Lier Alava, Asier Valdestilla, Mikele Arizkorreta edo Nerea Sanz. Haiekin batera, eskarmentua duten euskal aktore andana ere: Iñigo Aranburu, Iraia Elias, Aitor Borobia…
Filmaketa Basauri, Galdakao eta Bilbon ari dira egiten egunotan, istorioan institutua, atletismo kluba, protagonisten etxebizitzak eta espetxea izanen diren tokietan.
Primera plataforman 2026an
Zuzendariaren begirada pertsonaletik ikusiko dugu gaztetasunak berezkoa duen ikuspegi subjektiboa, emozioen esparruarekin lotura hain estua izan ohi duen perspektiba hori. Horretarako, gaur egungo lengoaia baten alde eginen du, erritmo biziarekin indartuta. Gainera, musika ardatz nagusia izanen da. Besteak beste, Belako eta 2zio taldeen doinuak entzungai izanen dira, eta bereziki adierazgarria da Elena Setienek konposatutako musika originala.
Estreinakoz ari da David R. Losada fikzioko telesail baten zuzendaritzan, aurretik La noche del ratón (2015) eta Lady off (2018) film luzeak eta Mosquito (2023) film laburra zuzendu ostean.
Argazkilaritza Endika Gabilondorena da, eta Sultana del Badal arituko da arte zuzendaritzan. Idurre Cajaraville dugu ekoizle eragilea, eta Katixa de Silva ekoizpen zuzendaria. Alba Lozano, berriz, bigarren unitateko zuzendaritza arduraduna.

