IRKUS ROBLES : margo erakusketa Mungian
Euskal margolariak bere obrak erakusten ditu Mungian (Bizkaia) urtea bururatu arte. Euskararen herria mugarik gabeko inspirazio iturri geldiezina da Irkus Robles artista euskaltzalearentzat.
“Euskara eta Euskal Herria. Hauek dira gure biziaren ardatz nagusiak, beti ! ” Irkus Robles Aranguiz margolariaren hitzak dira hauek. Eta gauza ageria da egun hauetan Mungiako Torrebillela kultur etxean proposatzen duen margo erakusketan ere. Bertan bere obrak erakusten ditu, hauen artean, Xalbador bertsularia, Maurizia pandero jolea, Mikel Laboa eta xabier Lete sortzaile eta kantariak, gure herriko paisaiak edo Iruñeko entzierroa.
Estitxu bere arreba eta Beskoitzeko erresiñola izengoitiarekin ezaguna zen kantariaren erretratua obren artean dago ere.
Irkus Robles 1937an sortu zen Begoñan (Bizkaia). Hameka haurrideen artean zortzigarrena da. Frankisten errepresioarengatik, hilabete eskas zuelarik, bere familiak ere ihes egin behar izan zuen Bizkaitik. Santurtzin itsas untzia hartu behar izan zuten Frantziarat buruz. Geroago, Robles familia Lapurdin plantatu zen, Kanbon lehenik eta Beskoitzen geroago eta hantxe pasa zuen haur denbora, Leku Eder baserrian.
Garai hortan, Irkusen familiak munduko bigarren gerla ezagutu zuen ere, nazien okupazioa eta horien kontrako erresistentzia. Irkusen aita Manu Robles Aranguiz Euzko Alderdi Jeltzalearen diputatua eta ELA sindikataren sortzailea zen.
Irkus Robles Bilborat itzuli ahal izan zen 1952an eta arteari lotu zitzaion buru belarri Txinpartak taldearekin. Urrats emankorrak egin zituen orduan euskal kantuan, euskarazko antzerkian, margolaritza eta Olaeta baletan.
Anaia arrebekin zortzikotea sortu eta euskaraz kantatu zuten 1956an. Bi urte geroago, Soroak laukotea sortu zuen zenbait anaia eta lagunekin. Gitarra eta euskara lotuz, Soroak taldea egiazko aintzindaria izan zen eta bere urratsak segitu izan zituzten geroago Ez Dok Hamairu bezalako taldeek edo Michel Labéguérie kantariak.
Irkus Robles Firestone enpresan mapak egiten eta geroago margotzen hasi zen. 1973an lehen erakusketa proposatu zuen eta geroztik andana bat egin izan ditu Euskal Herri osoan barna.
Aspaldi du ez zuela holakorik egin Bizkaian eta egun hauetan bere lan ederrenak ikus litezke Mungian, Torrebillela gazteluan dagoen kultur arteoan. Ikusgai urtea bururatu arte. Zorionak Irkus !