IRKUS ROBLES : margo erakusketa Baionan

Euskal margolariak bere obrak erakusten ditu Biltxokon, Baionan, larunbata arte. Euskararen herria mugarik gabeko inspirazio iturri geldiezina da Irkus Robles artista euskaltzalearentzat.

Franck Dolosor

5/20/2025

“Euskara eta Euskal Herria. Hauek dira gure biziaren ardatz nagusiak, beti ! ” Irkus Robles Aranguiz margolariaren hitzak dira hauek. Eta gauza ageria da egun hauetan Biltxokon, Baionan, proposatzen duen margo erakusketan ere. Bertan bere obrak erakusten ditu, eta hauen artean, gure herriko bazterrak, Guggenheim museoa edo Beskoitzeko herria ikus litezke.

Preseski, beste artista batzuekin batera apailatu duen erakusketa honetan bilduko diren irabaziak Beskoitzeko ikastolaren alde izanen dira. "Ikastolak funtsezkoak dira gure herria are gehiago frantsestu ez dadin" dio artistak ahoan bilorik gabe. "Familian hori ere beti argi izan dugu!"

88 urte, ibilbide oparoa eta gogotsu

Irkus Robles 1937ko martxoan sortu zen Begoñan (Bizkaia). Hameka haurrideen artean zortzigarrena da. Frankisten errepresioarengatik, hilabete eskas zuelarik, bere familiak ere ihes egin behar izan zuen Bizkaitik. Santurtzin itsas ontzia hartu behar izan zuten Frantziarat buruz. Geroago, Robles familia Lapurdin plantatu zen, Kanbon lehenik eta Beskoitzen geroago eta hantxe pasa zuen haur denbora, Leku Eder baserrian.

Garai hartan, Irkusen familiak munduko bigarren gerla ezagutu zuen ere, nazien okupazioa eta horien kontrako erresistentzia. Irkusen aita Manu Robles Aranguiz Euzko Alderdi Jeltzalearen diputatua eta ELA sindikataren sortzailea izan zen.

Irkus Robles Bilborat itzuli ahal izan zen 1952an eta arteari lotu zitzaion buru belarri Txinpartak taldearekin. Urrats emankorrak egin zituen orduan euskal kantuan, euskarazko antzerkian, margolaritza eta Olaeta baletan. Dantza klasikoan ere bai, bospasei operatan parte hartuz.

Anaia arrebekin zortzikotea sortu eta euskaraz kantatu zuten 1956an. Bi urte geroago, Soroak laukotea sortu zuen zenbait anaia eta lagunekin. Gitarra eta euskara lotuz, Soroak taldea egiazko aintzindaria izan zen eta bere urratsak segitu izan zituzten geroago Ez Dok Hamairu bezalako taldeek edo Michel Labéguérie kantariak. "Aitak bere bidea egin zuen, eta amak gaitzeko gaitasuna eta dohaia zituen kantuan, gure izeba batek bezala" argitu du Irkusek.

Irkus Robles Firestone enpresan mapak egiten eta geroago margotzen hasi zen. 1973an lehen erakusketa proposatu zuen eta geroztik andana bat egin izan ditu Euskal Herri osoan barna.

Artista euskaltzaleak

Irkusen familiaren kide guziak artistak dira. Estitxu bere arreba Beskoitzeko erresiñola izengoitiarekin ezaguna izan zen. Aingeru baten pare kantatzen zuen artistak arrakasta handia erdietsi zuen Euskal Herri osoan eta munduan barna ere bai.

Iker eta Ugutz anaiek ere ekarpen handia egin diote euskal kulturari. Ondoko belaunaldiek ere ildo berean segitzen dute bakoitza bere diziplinan. Horietan daude Gorka, Naia eta Koldo, Irkusen ilobak, eta beren seme alabak ere. Arteak, euskara, Euskal Herria eta umorea, hona hemen Roblestarren osagai maiteenak publikoaren gozamenerako.

Irkus Robles margolariaren erakusketa zabalik dago egunero larunbata arte (maiatzak 24 barne), Biltxokon, Baionan, 10:30 eta 18:30 artean.