Har eman, ikusgarri inklusiboa Baionan larunbat huntan

Cafecito inserzio ostatua eta Kiribil konpainiaren inguruan zenbait elbarrituk ikusgarri bat landu dute bi urtez

Rédaction Atalaia

6/7/2024

"Har Eman" izena du Lapurdiko hiriburuan tailer artistikoetan prestatu duten ez ohiko ikusgarri inklusiboak. Bi urtez lanean aritu ondoan, larunbat huntan plazaratuko dute Baionan. Kiribil konpainiak eta Cafecito Baionan den inserzio ostatuak sustatu dute ekimen hori zenbait elbarritu eta buru osasun arazoak pairatzen dituzten lagunekin.

Eñauti bizia arrunt aldatu zitzaion gaztetan izan zuen moto istripu batengatik. Nahiz eta zailtasunak dituen mintzatzeko, hiru hizkuntza menperatzen ditu. Poz pozik parte hartzen du "Har Eman" proiektuan, bertzeak bertze bazterketaren kontra aritzea sustatzen baitu.

Kiribil konpainia

"Buru belarri sartu gara ikusgarri hunen prestaketan artean sinesten baitugu. Edozoin pertsona lotzen bada sormenari emaitzak lortzen dira poliki poliki. Batzuetan, uste baino lasterrago ere parte hartzaileak jokoan sartu direlako segidan" dio Amaia Hennebutte Kiribil konpainiaren arduradunak.

Haurrekin eta Alzeimer jasaten dutenekin lan egin-eta, Kiribil konpainia poz pozik dabil proiektu hunekin ere. "Ni betetzen nau, badakit zergatik lan egiten dudan. Biziki gogotsu dira ikusgarria berena baita. Ez dugu guk agintzen zer egin nahi duten galdetzen baitiegu beti. Beren baitatik etortzen den zerbait da. Orain hastapenean baino lasaiago dira" argitu du Amaia Hennebuttek. Larunbat huntan goizeko 10.30etatik goiti karriketan barna ibiliko dira Baionan eta 11.30etan Jacques Portes plazan emanaldia eskainiko dute.