GUAU: euskal audioak biltzen dituen EITBren plataforma berria

Ostegun honetan sortu den GUAU plataforma berriak EITBren audio unibertso osoa eta euskal komunitatearen audio eta podcast produkzioak biltzen ditu: irratia zuzenean eta irratsaioak nahieran, podcastak eta bideopodcastak, audio-liburuak, zuzeneko emanaldi bereziak eta eduki esklusiboak.

Arantza Bereau

2/6/2025

Ostegun honetan sortu da GUAU-Gure Audioa, EITBren audio unibertso osoa eta euskal komunitatearen audio eta podcasten produkzioak eskaintzen dituen doako streaming plataforma berria. Entzunezko edukia modu errazean eta erakargarrian eskura eman eta zabaltzeko helburua du EITBren apustu digital berri honek, audioaren euskal ekosistema bildu eta bultzatzeko eta euskara kontsumo berriak dauden lekuetara hel dadila bermatzeko.

Horretarako, irratia zuzenean eta irratsaioak nahieran, aktualitatea klip laburretan, podcastak eta bideopodcastak, audio-liburuak, zuzeneko emanaldi bereziak eta eduki esklusiboak eskainiko ditu, dibertsitatea oinarri hartuta: formatuetan, gaietan eta baita kontsumitzeko moduetan ere.

EITBren sei irratiak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta Euskal Kantak) zuzenean entzuteko aukera dago, eta 100 irratsaiotik gora nahieran. Abiapuntu gisa, 150 podcast baino gehiago eta 18 bideopodcast bildu ditu, eta katalogoa handituko da. GUAU Originalak ere ez dira falta izanen plataforma berrian. Informazioa eta aktualitatea, kultura, osasuna eta ongizatea, zientzia eta teknologia, kirola, musika, umorea… Orotara 14 kategoriatan bildutako eduki eskaintza zabala eta kalitatezkoa.

Plataforma berria jada eskuragarri dago guau.eus webgunean, Play Store eta App Store-etan aplikazioa jaitsita (Android eta iOS), eta chromecast bitartez (telebistan, bozgorailu adimendunetan). Laster egonen da Smart TV-etan (botoi gorria sakatuz) eta hemendik hilabete batzuetara ibilgailuetan ere, mugikorra sistemaren pantailara konektatuz.

GUAU urririk da, eta nahikoa da izena ematea www.guau.eus webgunean eta aplikazioa jaitsita (Android eta iOS).

PRIMERAN eta MAKUSI plataformetako erabiltzaileek ez dute berriz ere izenik eman beharr, eta zuzenean sar daitezke atari berri honetara.

Izan ere, PRIMERAN eta MAKUSIren ildotik sortutako EITBren marka digital berria da GUAU, kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategia sendoan pauso berri bat. Euskal gizartearentzat audio-plataforma erreferentzial bat abiaratuta, audio-eduki digitalen ekoizpen eta banaketaren buru izan nahi du EITBk; eta, oraingoan ere, euskal kultura eta errealitatea guretik haratago zabaldu, ahalik eta entzule kopuru handienera helduz.