GAU PASA : arratseko saio berria ETB1en
Julen Telleriak aurkezturik, entretenimendua, elkarrizketak eta umorea uztartuko ditu. Kolaboratzaileen artean Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Jon Plazaola, Miren Nogales, Ainhoa Etxebarria, Mikel Bermejo eta Zuhaitz Gurrutxaga izanen dira. Zuzeneko musika ere ez da faltako. Asteartetik ostegunera, 22:15 ETB1en


Eguna molde ezin hobean bururatzeko hitz ordua dakarkigu Julen Telleriak. Euskal Telebistaren gauetako programazioa indartzeko asmoz, ETB1ek "Gaupasa" late night programa estreinatuko du asteartean (maiatzaren 26an), 22:15.
EITBren apustu berri honetan Euskal Herriko zenbait aktore eta umoregile ariko dira Julen Telleriaren ondoan. Kolaboratzaile izanen diren aurpegi horien artean izen ezagun anitz : Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Jon Plazaola, Miren Nogales, Ainhoa Etxebarria, Mikel Bermejo, Zuhaitz Gurrutxaga (New Yorketik egingo ditu konexioak). Hauekin batera, azkenaldian joeran dabiltzan sare sozialetako eduki sortzaileak: Janire Atxurra, Iñigo Aranburu eta Irati Erauskin.
Honenbestez, Julen Telleria telebistara itzuliko da "Gaupasa" show berria aurkeztera. Eskarmentu handiko profesionala dugu eta, lehenago ere, "Gu Ta Gutarrak", "Gure Kasa" edota "Gora Bihotzak" saioetan ikusi dugu aurkezle lanetan. Elkarrizketa, entretenimendua eta show generoak ongi menperatzen dituela frogatu du behin baino gehiagotan tolosarrak.
Entretenimendua, umorea eta elkarrizketez gain, saioaren laugarren osagaia zuzeneko musika izanen da: kantari eta taldeen bisita izanen dute Miramongo platoan eta Gaubandak, programako musika bandak, erritmoa eta zuzeneko doinuak erantsiko dizkio saioari : Luis Mari Moreno Pirata, Jon Viejo eta Igor Telletxeak osatzen dute Gaubanda.
"Gaupasa", astearte, asteazken eta ostegunetan, 22:15etik aurrera, ETB1en eta ETB ON plataforman.