Euskal Telebistak emozioen besta ekarriko du udazkenean
Kirol arloko berritasun nagusia da Lehen Mailako futbolaren itzulera EITBra, bi hamarkadaren buruan. Izan ere, euskal taldeek 2024-2025 denboraldian EA Sports Ligan astelehenetan jokatuko dituzten partidak eskainiko dira ETB1en eta eitb.eus atarian.
Ikus-entzuleen artean sentimenduak piztu nahi ditu EITBk udazken honetan telebista programazio eskaintza zabalarekin: intriga, irribarrea, maitasuna, poza, samurtasuna, zirrara… Emozioen besta hori posible eginen duten edukien berri eman du Unai Iparragirre ETBko zuzendariak Gasteizko FesTVal telebista jaialdiaren karietarat.
Ondoan izan ditu programetako aurkezle, kolaboratzaile eta aktore andana: Xabier Madariaga, Miren Nogales, Julen Telleria, Maddalen Arzallus, Xabier Sukia, Iker Villa, Ilaski Serrano, Klaudio Landa, Mikel Pagadi, Mirari Martiarena, Iñaki Leturia, Nerea Alias, Egoitz Txurruka Txurru, Gorka Aginagalde, Pirata, Leire Torre, Dani Álvarez, Gabriela Uriarte, Ander González, Jon Salvador, "Go!azen" telesaileko Kimetz Etxabe, Julen Taboada eta Irati Marin, eta "Vaya Semanita"ko Maribel Salas.
Denboraldi berriko estreinaldien artean daude "Ametsen Arbola", hainbat herritarren ametsak egia bihurtuko dituen saioa, eta "Klik Belaunaldia", gazteek Internetera konektatzen direnean izaten dituzten mehatxuak eta erronkak aztertuko dituen dokumental saila.
Xabier Madariagak aurkeztuko duen saioan, Euskal Herriko eskola batean landatuko dute astero ametsen arbola. Bertan, ikasleek beren ametsak zintzilikatuko dituzte, baina desio horiek ez dira haientzat izanen, beste pertsona batentzat baizik. Arbolak hiru amets hautatuko ditu saio bakoitzean, eta Xabier Madariagak egia bihurtuko ditu ahaide eta ingurukoen laguntzarekin.
Pornoaren industriak belaunaldi berrien bizitza sexualean nola eragiten duen aztertzen zuen "Porno Belaunaldia" dokumental sailaren ondoren, "Klik Belaunaldia" saioak erakutsiko digu zeintzuk diren egungo gazteen eta neraberen osasun mentalean eragina duten arazo edo gertaerak, telefono mugikorretik, tabletetik edo ordenagailutik konektatzen direnean.
"Ur Handitan" saioaren bi atal berezi izanen ditugu ikusgai udazken honetan Xabier Madariagaren eskutik: lehena urrian, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka aztertzeko; bigarrena abenduan, EITB Maratoiaren ingurukoa.
Berritasunen artean halaber, "Vaya Semanita"ren itzulera, betiko umore lotsagabe eta urratzaileenarekin. Gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzten esketx berrietan ikusiko ditugu, besteak beste, Maribel Salas, Andoni Agirregomezkorta, Miriam Cabeza, Nerea Garmendia, Javier Antón eta Diego Perez aktoreak.
Gainera, umorearen bitartez eguneroko albiste nagusiak beste ikuspuntu batetik aztertzen dituen "RH+" saioak segituko du udazkenean. Gorka Aginagaldek gidatzen duen infoshowa agorrilaren 26an estreinatu zen ETB2n.
Iparraldearen Orena
Ipar Euskal Herria gustukoa dutenek Iparraldearen Orena aspaldiko saioa ikus dezakete aurten ere ETB1n, 15:10 astelehenetik ostiralerat; eta 9:00 igandeetan. Besteak beste Franck Dolosor, Thierry Roset, Nerea Olaso, Aitor Zabaleta eta Iurre Bidegainek EiTBk Baionan duen bulegoan ekoizten duten berrisail-magazina eitb.eus atarian eta sare sozialetan ere ikus liteke.
Bestalde, itzuliko dira ere "Ztanda" lehiaketa ETB1en eta "La Caza: Nada es lo que parece" abentura eta estrategia realitya ETB2n, Juanma López Iturriagak aurkezturik. Piztiek eta basatiek telebistako reality psikologiko basatienari eta etsai arrunt enigmatiko bati buru eginen diote berriz ere: Otsoen taldeari. Bertako kide infiltratuak aurkitzean datza gakoa. Estrategia eta traizioa itzuliko dira, otsoen eta errugabeen arteko etsaitasuna indartuko duen mekanika berri bat izango duen programan.
ETB1eko gaualdiak
Barbara Goenagak eta Iker Villak gidatutako talent showaren berritasunetako bat da etxeko ikusleek aukeratu ahal izanen dutela zein lehiakide kanporatuko den eta zein salbatu saio bakoitzeko amaierako buruz burukoan. Miriam Lujua iazko irabazleak bezala, aurten garaipena eskuratzen duen kantariak 15.000 euroko saria eskuratuko du.
Udako etapa amaituta, Miren Nogalesek Julen Telleria izango du berriz ere lagun ostegunero Bilboko Erriberako merkatutik egingo duten "Gora Bihotzak" talk-showan, eta Klaudio Landak gidatutako "Hamaika Entzuteko" eztabaida saioan aktualitatea eta gai sozialak jorratzen jarraituko dute.
ETB2n, Julius Bienert sukaldariak jatetxe bihurtutako Euskal Herriko baserrietan barrena ibilbide gastronomiko eta sentimentala egingo du "Baserri Gourmet" saioaren atal berrietan, eta Dani Alvarezek zinema munduko kontuak ekarriko dizkigu asteartero "La Noche de…" saioan.
Bestalde, "Vascos por el Mundo"ko lantaldearen eskutik, "Euskadi Solidaria" saioaren lau atal eskainiko dira, munduan barrena elkartasun ekimenak burutzen ari diren euskal herritarren bizipenak jasotzeko. Halaber, azaroan denboraldi berriak (hamaikagarrena biek ala biek) abiatuko dituzte "Go!azen" telesailak eta "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak.
Astelehenetik ostiralera, programazioan jarraituko dute, "En Jake", "Biba Zuek!" eta "Quédate" zuzeneko saioek; "Mihiluze" eta "Esto No Es Normal" lehiaketek eta "Txoriene", "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "A Bocados" sukaldaritza saioek. Dagokion esparruan dibulgazio lana egingo dute, berriz, "Teknopolis", "Artefaktua", "Hitzetik Hortzera" eta "EITB Kultura" saioek astero.
Kiroletan, berritasun nagusia da Lehen Mailako futbolaren itzulera EITBra, bi hamarkadaren buruan. Izan ere, euskal taldeek 2024-2025 denboraldian EA Sports Ligan astelehenetan jokatuko dituzten partidak emanen dira ETB1en eta eitb.eus-en.
Horrekin batera, Winter Series zesta punta txapelketaren laugarren edizioaz gozatu ahal izanen da, astelehen gauetan baita ere. Kros lasterketei arreta berezia eskainiko zaie, esku pilota eta herri kirol emankizunak ahaztu gabe. Bestalde, egunerokotasunean horrenbesteko presentzia ez duten euskal kirolariei tartea eskaintzen segituko du "Helmuga" saioak.