Euskal Herriko haurren ametsak bildu eta egia bihurtuko ditu Xabier Madariagak "Ametsen Arbola" emankizun berrian
Eskola batean landatuko dute astero zuhaitz magikoa, eta ikasleek bertan zintzilikatuko dituzte maite duten norbaitentzat pentsatu duten ametsa. Horietako hiru nola betetzen diren erakutsiko du igande gauean estrenatuko den programak.


Zenbait herritarren ametsak egia bihurtuko dituen "Ametsen Arbola" saioa estreinatuko da datorren igandean (irailaren 15ean), ETB1en eta eitb.eus atarian, 22:00etan. Xabier Madariaga kazetariak aurkezten duen emankizunean, Euskal Herriko eskola batean landatuko dute astero ametsen arbola.
Bertan, ikasleek beren ametsak idatzi eta zintzilikatuko dituzte, baina desio horiek ez dira haientzat izanen, beste pertsona batentzat baizik. Arbolak hiru amets hautatuko ditu saio bakoitzean, eta Xabier Madariagak egia bihurtuko ditu ahaide eta ingurukoen laguntzarekin.
Euskal Herriko hamar herritan grabatu da "Ametsen Arbola": Senpere, Bergara, Doneztebe, Azpeitia, Gasteiz, Ondarroa, Donostia, Burlata, Gernika eta Lekeitio.
Emozioak pil-pilean ezarriko ditu ETB1eko saio berriak, momentu hunkigarri ainitz biziko baitituzte desioak proposatuko dituzten gaztetxoek, hura betetzen lagunduko duten pertsonek eta, bistan dena, ametsetako protagonistek berek. Bilobak eskaturik, Baztango amatxi batek airetik ikusiko du bere herria abioneta batetik; beste gazte batek, berriz, afaria prestatuko du aiton-amonentzat, harentzat egin duten lan zama eskertzeko. Realaren zale amorratua den amaren ametsa beteko du beste neskato batek, bere jokalari kuttunak Reale Arenan ezagutzera eramanez.

