"Erromerian" saio berria ETBn Anabel Arraiza eta Agus Barandiaranekin
Euskal Herrian ospatzen diren tradizio handiko jaialdi horien izaera eta jatorria ezagutzera ematea du helburu. Lehen atalean, Jondoni Joane egunean Bermeoko erromerian murgilduko gaituzte.


"Erromerian" saioa estreinatuko da igande honetan ETB1en eta eitb.eus-en, Euskal Herrian ospatzen diren tradizio handiko jaialdi horien izaera eta jatorria ezagutzera emateko asmoz. Paisaien edertasuna, familia belaunaldi ezberdinen istorioak, elkarlana… erromeria berezietan goitik behera murgilduko gaituzte Agus Barandiaranek eta Anabel Arraizak, irudi ikusgarri, testigantza eta musika eta dantza emanaldiekin.
Erromeria andana ospatzen da Euskal Herrian eta horietako batzuk ezagutuko ditugu EiTBren saio berrian: San Joan Bermeon (ekainaren 24an), Santa Isabel Zumarragan (uztailak 2), Barte Eguna Larrean (uztailak 4), Karmenak Santurtzin (uztailak 16), Madalenak Galdamesen (uztailak 22,), San Inazio eguna Urbian (uztailak 31) eta Pertza Eguna Lakuntzan (agorrilaren 18an), besteak beste.
Bestaz besta telebistan
Inguruari lotutako ospakizunak dira guztiak, eta herritarrek antolatu eta mantendu dituzten usadioak eta kultura uztartzen dituzte. Bakoitza ospatzen den egun eta tokian izango dira Anabel Arraiza eta Agus Barandiaran, barru-barrutik bizi eta ikus-entzuleei jai horien xarma helarazteko.
Herritarren hitz eta bizipenen bidez ezagutuko dituzte ospakizun bakoitzaren nondik norakoak: oroitzapenak, anekdotak, ohiturak, eginbeharrak… nork bere txoko eta ikuspuntutik azalduko du erromeria eguna nola bizi duen. Testigantzekin batera, jai giroa hornitzen duten dantza eta musika emanaldiak izanen dira protagonista, eta erromerien bihotzera bidaiatu dugu irudi ikusgarrien laguntzaz.
"Erromerian" saioa uztailaren 7tik goiti izanen da ikusgai, igandero, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.



