ELKARRIZKETA - “Momentu historikoa da, argiki” Peio Dufau, Lapurdiko kostaldeko diputatu berria
Peio Dufau ziburutarra EH Baik Pariserat igortzen duen lehen diputatua da. Lana eta elkarlana dira bere ardatz nagusiak


Peio Dufau 45 urteko ziburutarra Euskal Herriaren historian sartu da. Badira urteak abertzalerik ez zela diputatua izan Ipar Euskal Herrian. Jean Etxeberri Aintxart eta Michel Labéguérieren agintaldiak 1940-60 hamarkadetan izan ziren. CGT sindikatua eta EH Bairen kide izateaz gain, Peio Dufau musikaria eta elkarte munduan dabil. Ziburuko heriko etxean duen karguan uztekoa du. Igandean Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleko lehen diputatua bilakatu zen.
Atalaia : Hauteskundeak irabazirik Lapurdiko kostaldeko diputatu bilakatu zara. Nola bizi duzu garaipena?
Peio Dufau : Sentitzen dut momentu historikoa dela argiki, jendea emozionatua da, ni ere bai. Sentitzen dut aintzinean dudan lana : Euskal Herriko ahotsa Pariserat eramatea herri hau eraikitzen segitzeko. Pariserat joan naiz bi egunez baina egiazko harrera geroago eginen digute. Lehentasunen artean daude bilkurak egitea lehen ministroa izendatzeko. Orain arte mundu hortatik kanpo egon naiz baina orain nere burua sail hortan proiektatzen dut. Uztailaren 18an egiazki hasiko gara lanean Parisen.
Atalaia : 2012an alderdi sozialistak irabazi zuen zure barrutian. Bestela eskuina izan da kasik beti garaile, batik bat Michèle Alliot Marierekin. Nundik etorri da zure garaipena?
Peio Dufau : Bihotzetik berdin uste dut. Talde zabala lanean buru belarri aritu da ere. Badakigu eskuindar batzuek, zentrista ainitzek, eta auzapez eta hautetsi ohi frangok ere gure alde bozkatu dutela. Christian Devèze hautagai zentristak zatiketa erakutsi du kanpaina garaian ere. Eskuin muturraren parean ezker muturra ginela zioen, eta biak arriskutsutzat ikusi gaitu. Hitz biziki larriak erabili ditu eta nik ez dut hori onartzen. Gu Ziburuko herriko etxean koalizioan ari gara lanean ekologista, sozialista eta macronista batekin ere. Elgarrekin lan egiten dugu eta ongi pasatzen da, ez gara arriskutsuak. Segituko dugu bide beretik eta Devèzek erakutsi nahi izan duen zatiketa hori ez da pasatu.
Atalaia : EAJ-PNBk 3 712 boz izan zituen lehen itzulian (%5). Jean Tellechea hautagaiak eta Peio Etxeleku buruzagiak zure alde bozkatuko zutela adierazi izanak lagundu ote zaitu?
Peio Dufau : Bai argiki. Dei guziek on egin dute denen beharra baizen. Alde biziki ttikia da : 714 boz, %1 eskas. Lortu dugu zerbait eraikitzea mugaz gaindi eta alderdietatik haratago. 2022an, EH Bairen hautagai gisa 7 667 boz eskuratu nituen, %14,5. Aurten, ezkerreko aliantza berrian 21 650 bozekin lehen tokian sailkatu naiz, eskuin-zentroa eta eskuin muturraren aintzinean. Igandean, bigarren itzulian, 5 468 boz gehiago bildu ditugunez (%36,28) eta lehen tokian sailkatu garenez diputatu aulkia eskuratu dugu. Indar horrekin noa Pariserat.
Atalaia : eta gainerat lan hori euskaraz eginen duzu...
Peio Dufau : bistan dena eta hori biziki garrantzitsua da. Hauteskundeak irabazi bezain laster Jean René Etchegaray elkargoaren presidentearen eta Arnaldo Otegiren zorion mezuak jaso ditut, bertzeak bertze. Ehunka mezu izan ditut eta momentuan ezin diet denei erantzun. Neurtzen dut zein historikoa den, zer lan eta zer ardura den ainitzek gauza asko itxoiten baitute. Ardura eta desafio handiak dira eta ohore haundiarekin eramanen dut aintzina.
Atalaia : Fronte Herritar berriko hautagaia izan zara, PS, PC, ekologistak eta Frantzia Intsumituarekin batera. Orain asanblea nazionalean nun eta nola kokatuko duzu zure burua?
Fronte Herritar berriko ordezkaria naiz baina autonomia atxikiko dut. Nire hautesbarrutiko jendartearen ahotsa Pariserat eramanen dut. Eraikitzeko beti prest naiz, pertsona ezberdinekin. Max Brisson senatari eskuindarrarekin, eman dezagun, gaueko treinen alde borrokatu ginen elkarrekin. Zerbitzu hori plantan eman dute berriz. Garaipena izan da eta holakoak edonorekin egin litezke. Eraikitzeko prest naiz denekin gure jendartea defenditzeko eta bere bizia hobetzeko, etxebizitzaren gaia dela eta, adibidez.
Atalaia : Denekin diozu? Eskuin muturrarekin ere jakinez hirugarren indarra dela?
Ez dut baztertzen nahiz eta argi den biziki urrun garela beren ideietatik. Ikusi beharko da zeren haiek ere politika jokoan arituko dira eta seguraski ez dute bat eginen. Laborarientzat hainbat proposamen zituzten bainan gero bozkatu izan behar direlarik kontra agertu ziren. Beren lehentasuna laborariak sostengatzea omen da baina gero bozketek ez dute bat egiten aldarrikatzen dutenarekin. Gai bat serioski jorratu behar bada eta posizio amankomuna baldin badugu zergatik ez.
Atalaia : Ikastolako laguntzailea edo errugbi aditua irratian, orain diputatua zarenez zure bizia doi bat aldatuko da, ez dea hala?
Peio Dufau : Eneko Aldana Ziburuko auzapezarekin hitz egin dut eta adierazi diot ez dudala alkate orde kargua segituko Ziburuko herriko etxean. Herrigintza saila lan zama handia da. Ez dut erdizka aritu nahi. Orain ikusiko nork hartuko duen nere lekua.
Musikari dagokionez, kontzertua eskainiko dugu Baionako besten idekitzean, asteazkenean 19:00. Orain diputatua naiz baina kontzertu hori eginen dugu. Gero egia da taldearekin erabaki genuela taulak uztea. Azken kontzertua udazkenean eskaini behar genuke.
Alabaren eritasuna dela eta, argi da familiak lehentasuna duela. Denbora gutiago izanen dut baina lehentasuna hortan dut ere. Gure amatxirentzat hauteskunde hauek biziki garrantzitsuak izan dira. Ez du sekulan ahantzi lau urtez nazien okupazioa jasan zutela Ipar Euskal Herrian ere. Ongi bozkatzea baitezpadakoa iduritu zaio, behar bada sekulan baino gehiago.