DOBLA : dantza Euskal Herri osoan
Lapurdiko mutxikoetan dioten bezala : eskuin, ezker, jauzi eta dobla ! Dobla izena duen proiektu berriaren helburua da dantza konpainien nazioarteko zabalkundea sustatzea, artistak eta antzokiak babestea, publiko berriak erakartzea eta mugaz gaindiko lankidetza kulturala sendotzea.


Dobla mugaz gaindiko lankidetza kulturalean oinarritzen den proiektu berriak Euskal Herri osoko bost erakunde biltzen ditu lehen aldiko dantzaren garapena sustatzeko estrategia partekatu baten inguruan.
Proiektuaren helburua da mugaren bi aldeetako dantza-sektorea indartzea, sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta jasangarritasuna hobetzeko ekintza zehatzen bidez.
Heldu diren hiru urteetan, DOBLAk lurraldeko konpainien nazioarteko proiekzioa sustatuko du, artistei eta erakusketa-espazioei prestakuntza eta laguntza eskainiko dizkie, eta dantzarako agertoki eta publiko berriak zabalduko ditu. Sektorearentzat eredu ekonomiko jasangarriagoak bultzatuko ditu eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetako profesionalen eta erakundeen arteko lankidetza sendotuko du ere ekimen berriak.
Milioi bat eta erdi euroko aurrekontuarekin, proiektuak mugaz gaindiko dantza-sektorearen egituraketa indartu nahi du, baita sorkuntzarako eta lan artistikoen zirkulaziorako paradak handitu ere. Dantzak, euskal kulturaren adierazpide garrantzitsua izanik, komunitatea sortzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko gaitasun berezia du.
Ekainaren 15ean Miarritzen (Lapurdi) egin aurkezpen ekitaldian, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak azpimarratu du erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia euskal kultur sistema indartzeko eta dantzaren sektorearentzat aukera berriak sortzeko. Gisa berean, argi utzi nahi izan du beharrezkoa dela lankidetza sare iraunkorrak eraikitzea, lurraldeko talentu sortzailea nazioartean proiektatzeko.
Erakunde parte-hartzaileek Interreg POCTEFA Europako programaren esparruan garatzen dute proiektua
DOBLA proiektua Eusko Jaurlaritzak, Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako herriko etxeak eta Malandain Ballet Biarritzek sustatzen dute.
Ekimenak Europar Batasunaren finantzaketa eskuratu du Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bidez, proiektuaren aurrekontu osoaren %65 estaliz. Programa honen helburua da Pirinioen bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza sustatzea, lurraldearen garapenerako eragin iraunkorra izango duten proiektu estrategikoak babestuz.
DOBLAren lehen ekintzak 2026ko uztailetik goiti hasiko dira, eta dantzaren arloko profesionalei, konpainiei, erakusketa-espazioei eta gainerako eragileei zuzendua izanen dira.



