DESAGERTUTA : euskarazko intrigazko telesail berria Primera eta Netflix plataformetan

Gazteei zuzendutako eta euskaraz grabatutako fikziozko telesailen ekoizpena bultzatzeko EITBk 2023an egin zuen deialdiaren lehen emaitza da “Desagertuta”. Gainera, aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz filmatu den lehen telesaila da. Pausoka eta Zebra Producciones ekoiztetxeek grabatu dute

Arantza Bereau

5/19/2025

"Desagertuta" PRIMERAN plataformarentzat sortu den telesail berria estreinatu da esklusiban urririk den streaming euskarrian. EITBren parte hartzea duen fikzioa Desagertuta AIE, Pausoka eta Zebra Producciones (Grupo iZen) ekoiztetxeek egin dute elkarlanean. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du. Zortzi atalez osatua den ekoizpena da, eta Xabi Zabaleta eta Marta Grau Rafel (Pausoka) dira sortzaileak. Telesailaren laguntzaile izan dira baita ere Netflix plataforma eta Elkargi.

Gazteei zuzendutako eta euskaraz grabatutako fikziozko serieen ekoizpena bultzatzeko EITBk 2023an egindako deialdiaren lehen emaitza da "Desagertuta". Euskal ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko helburu estrategikoaren baitan, beste hainbat estreinaldi izanen dira aurten, orain bertan filmaketa bete-betean dauden ekoizpen handiak.

Gazteak gazteentzat, bi hizkuntzetan

Halaber, filmatze estrategia berritzailea erabiltzen aitzindari izan da: euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean filmatutako lehen telesaila da "Desagertuta". Eszena bakoitza bi aldiz grabatu dute, hizkuntza bakoitzean esperientzia bakarra izan dadin.

Jon (Jon Lukas) gaztearen desagerpen misteriotsua du oinarri telesailak. Lagunekin batera gaua mendian pasa ondoren, inork ez du bere berririk. Pista bakarra dute: sare sozialetan argitaratu duen bideo kezkagarria, birala bilakatuko dena eta denetariko espekulazioak zabalduko dituena.

Jon Lukasez gain, talentu handiko beste zenbait aktore gazte agertzen dira: Ane Rot, Ainhoa Larrañaga, Asier Rikarte, Ainhoa Azpitarte, Unai Arana eta Julen Taboada.

Haiekin batera, Itziar Atienza, Gorka Otxoa eta Jon Olivares aktore beteranoek hartu dute parte ere. Orobat, telesailean agertzen diren beste hainbat aktore nabarmen honako hauek ditugu: Leire Martinez, Iñigo Aranbarri, Dorleta Urretabizkaia, Aitor Beltran, Susana Soleto, Sara Cozar, Asier Hernandez eta Ylenia Baglieto, besteak beste.